viernes, 13 de diciembre de 2013

HOBEKUNTZA KARRERAN: ENTRENAMENDU FISIKOA vs. ENTRENAMENDU TEKNIKOA


Kirolean hasten garenean, errendimendua buruan sartzen zaigunean lehenengo gauza merkatuan eros daitekeen ekipaia onena lortzea dugu helburu, eta gero, EGURRA!!!

Ezer egitetik kirol bat serio hartzen dugunean hobekuntza, lesiorik pairatzen ez badugu, nahiko “azkarra” eta “nabarmena” izaten da, hasieran gure kontutik, edo aspalditik kirolean dabilen lagun baten gomendiopean egiten ditugu entrenamenduak. Horren ondoren gure mailak eskatuta edo hura hobetzeko intentzioz prestatzaile fisiko baten eskutan jarri ohi gara, behar bada dieta ere kontrolatzen hasten gara, prestakuntza fisikoarekin bezala hasieran gure kontutik, gero profesional baten laguntzaz.

Ez al dago hutsune bat? Umeak kirol eskoletan hasten direnean horretan zentratzen dira bertako monitore eta entrenatzaileak. Helduekin aldiz, inork ez du hori ikuskatzen. Ez al da TEKNIKA errendimenduaren oinarri nagusia? Ez al da TEKNIKA lesioak ekiditeko arma boteretsuenetako bat?

Kasu honetan korrikari buruz arituko naiz, baina nire ustez esandako guztia beste edozein kiroletara estrapolatu ahal dugu.

Gure kirol errendimendua hobetzeko obsesioan aspektu fisikoak zein psikologikoak hartzen ditugu kontutan (lehena bigarrena baino gehiago normalean) eta aspektu teknikoari erreferentzia egiten diogunean erabiltzen ditugun konplementu materialez ari gara, zapatilen amortiguazioa, hauen pisua, kamisetaren transpirabilitatea...

Hainbat ikerketen arabera gaitasun paretsuko atleten arteko emaitzen ezberdintasuna analizatzen hastean karrera ekonomia izan ohi da diferentziak sortarazten dituen aspektu nagusia. Alegia, distantzia berdina egiteko energia gutxien gastatzen duenak daukala bentaja handiena.

Karrera ekonomia hobetzeko modurik onena (ez errazena, edo motzena, edo dibertigarriena...) TEKNIKA lantzea da, ez da lan xamurra, apurka apurka eta gorputzaren seinaleei kasu eginez egin beharreko bide luzea izaten da TENKNIKA egokia barneratzekoa. Nire ustez merezi du.

Horren ondoren, gure organismoak, TEKNIKA hori barneratu ondoren, TEKNIKA horren efizientzia hobetzen jarraitzeko, beste lan mota batzuk behar ditu. Honekin esan nahi dudana zera da, ez da nahikoa TEKNIKA eraginkor bat lantzea, TEKNIKA eraginkor hori zure gorputzak barneratu eta TEKNIKA horren mugimenduak ekonomizatu behar ditu, alegia, barneratutako TEKNIKA horren efizientzia hobetu, ez TEKNIKAri berari dagozkion aspektuan, baizik eta gure gorputzak TEKNIKA hori gauzatzeko daukan moduan.

Horretarako ikerketa batzuen aditzera eman dutenez, onena intentsitate altuko entrenamenduak izaten dira, argi dago horretara iritsi aurretik lan asko egin behar dela, baina lan hori burutu ondoren hobetzen jarraitzeko bideaz ari gara. Serie intentso eta motzen bidez lortu ahal dugu nahi dugun efizientzia hori.

Aspektu fisioa alde batera utzita, gaur egun eskura daukagun materialez hitz egiteko garaia da, zapatilak esate baterako. Orain arte saldu digute korrika egiterako garaian lurrarekin eduki behar dugun lehen kotaktua orpoz izan behar dela, eta horretarako amortiguazio zora horretan jarri dituzte zapatila ekoizle guztiek, talonera, edo orpoak igotzeko takoez gain.

Norbaitek ikusi al du atletismoko pistetan edo krossetan erabiltzen diren zapatila hiltzedunak? Justu orain arte saldu digutenaren aurkakoak dira, talonerarik gabeak, orpo alde horretan amortiguaziorik gabeak. Horrekin erakusten digute atletek, kirol honetaz ulertzen dutenek eta guk baino modu askoz ere egokiagoan praktikatzen dutenek, orpoa ez dela lehen kontaktua, metatarsoz egiten dugu lehen kontaktua, hau da, oinaren aurreko parteaz.

Goazen anatomiari begirada bat ematera, guk orpoa deitzen diogun hori hezur bakar batez osatua dago, kalkaneoa, naturalki prest dagoela pentsatzen duzue gure pisu guzia kolpe batez jasotzeko? Metatarsoen inguru hori aldiz hezurtxo eta ligamentu askoz osaturik dago, lehen bermea horrekin egitea lortzen badugu, bertako hezurtxoak behar bezala artikulatzeko prest daude anatomikoki, eta horiek lotzen dituzten ligamentuek amortiguazioa natural bat ematen digute.

Ez da hori bakarrik, gure lehen kotaktua metatarsoz egiten badugu hezurtxo eta ligamentu horiez gain gure gorputzeko beste artikulazio, ligamentu, tendoi eta giharrek amortiguazio-impultso fase horretan lagunduko digute, hala nola, txorkatila, belauna eta aldakako artikulazioek, akiles tendoiak (bikiarekin batera beraien elastizidadea erabiliko dute kolpea amortiguatu eta gero indar hori inpultsurako indar bihurtuz), bikiak...

Horri buruz eztabaidatzen dute, eta orain arteko korrik egiteko modu anti-natural hori ezbaian jartzen dute orain dela gutxi sortu den korronte batean, “pisada natural” delako horrekin. Hauek ere indarra hartzen ari dira eta beraien filosofiarekin bat datozen zapatilak ekoizten hasi dira, hobeak edo okerragoak diren... bakoitzak probatu beharko du.

Ez naiz medikua, ez naiz teknikan espezialista, ez eta biomekanikoa, kirolari eta entrenatzeilea naiz, eta nire esperientzia pertsonala eta orain arte ikasitakoarekin ateratako ondorioak dira. Ez dakit norbait konbentzituko nuen, ez da nire intentzioa izan, baina nahiko nukeena honi buruz apur bat pentsarazi eta bakoitzak bere konklusioak ateratzea da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario